Muno Wieneck

Atharratzeko urari buruzko pentsaketa eguna

Xiberoak bizi nahi du ezkerreko abertzale taldeak herritarrak gonbidatu ditu uraren kudeaketari buruzko eztabaida batean parte hartzea. Hain zuzen, ekainaren 24ean bilduko dira Atharratzeko Xahoenean.

Ekimenaren bukaeran urari buruzko dokumental bat proposatuko dute. © Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS
Ekimenaren bukaeran urari buruzko dokumental bat proposatuko dute. © Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS

Norena ote da ura? Nork kudeatzen ote du? Galdera hori ekainaren 24ean Atharratzen antolatu duten ekimenean pausatua izango da. Pentsaketa sakonean parte hartzeko gonbidapena luzatu die parte hartzaileei Xiberoak bizi nahi du taldeak.

Talde horrek hogei bat pertsona elkartzen ditu hilabetero. Guztien helburua modelo sozial ezberdin baten nahia da. Beren desmartxa ezberdinei esker, herri mugimendu sozial bat piztu nahi dute Xiberoan.

Notre Dame‐des‐Landesen gertatu den Zadistekin partekatutako momentua eta gero, Xiberoak bizi nahi du taldeak uraren kudeaketari buruzko galderak pausatuko ditu. Taldekideek uraren garrantzia agerian utzi nahiko lukete. Herritar gehienek ez dakiela zuzen nondik datorren nabarmendu dute.

Urte bukaeran gaiari buruzko erabakia hartuko dute. Tokiko hautetsiek erabaki beharko dute Herriko Etxea edo Euskal Elkargoa ur kudeaketaz arduratuko den.

Larunbatean, goizeko 10.00etan azoka batekin hasiko da eguna eta gero piknika banatua izango da. Galdera nagusia 16.00etan pausatua izango da eta segitzeko uraren merkataritzari buruzko dokumental bat proposatuko dute.