Haritz LARRAÑAGA

Euskal Herriko surf selekzioa ofizial bilakatzeko bidean jarri dira

Euskal Herriko selekzioak munduko surf txapelketan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko lagun handana bat bildu dira Biarritzen. Biarritzeko txapelketa ondoren, "ezer ez dela bukatu" diote EHSFko kideek. Hain zuzen, "aukera berriak ideki" direla diote.

Surfeko euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea Biarritzen. (Haritz LARRAÑAGA)
Surfeko euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea Biarritzen. (Haritz LARRAÑAGA)

Herrialdeen arteko munduko surf txapelketa hasi da Biarritzen. Mundu osotik etorritako selekzio andana ari da lehian Lapurdiko kostaldean eta badira parte hartzen ari diren euskal surflariak ere, baina ez horietako askok nahi luketen moduan euskal selekzioarekin, baizik eta frantses edo espainiar selekzioarekin. Izan ere, euskaldunei parte hartzeko eskubidea ukatu die Nazioarteko Surf Elkarteak (ISA), Garako artikuluak azaldu duenez.

Hori salatzeko lagun talde bat bildu zen Biarritzeko Hondartza Handian joan den larunbatean, baina ordurako urrats garrantzitsuenak jada emanak zeuden. Oier Ilarramendi Euskal Herriko Surf Federazioko kideak aditzera eman zuen moduan, "ez da ezer amaitu, alderantziz, Euskal Herriko surf selekzioa ofizial bilakatzeko bidean jarri gara".

Parte hartze zabala

Euskal Herriko surf selekzioak, Gales, Eskozia, Hawaii edo Tahitiko selekzioek bezala, parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten Biarritzen Euskal Herri osotik bertaratutako surflariek, eta jende asko bildu ez bazen ere ordezkaritza zabala izan zen.

Bertan izan ziren Bizkai eta Gipuzkoako surf federazioko lehendakariak, Floren Isla eta Maialen Saez, eta Lapurdiko surf elkarte anitzetako ordezkariak, lehen aldiz guztiak elkarrekin. Horiez gain, besteak bete, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Peio Menta EH Baiko hautagaia, Martxel Toledo Esait-eko bozeramaile ohia eta Aitzina gazte erakundeko kideak ere baziren parte hartzaileen artean.

Aurreko egunetan surflariek antolatutako herri-kirolak eta ekitaldi folklorikoa debekatu zituen Herriko Etxeak eta ikurrina zeraman jendeari hondartzara hurbiltzen ez uzteko agindua ere emana zioten Poliziari, baina bilera baten ostean, ekitaldia egiten ez utzi arren, ikurrinak zeramatzan jendea bakean utziko zutela agindu zuten Udaleko ordezkariek. Poliziaren presentzia handia bazen ere, giro onean eta lasai pasatu zen elkarretaratzea.

Mikel Troitiñok eman zuen antolatua zuten ekitaldiaren nondik norakoen berri: "Jokin Eizmendi, Harri Handietako Euskal herriko txapelduna, erakustaldia egitera etortzekoa zen, eta Iñigo Landa surflari eta aizkolariak ere erakustaldia egin behar zuen. Txalapartariak eta trikitilariak bilatzen zoro moduan ibili ginen, zeren ekitaldi hori guretzat bakarrik ez, txapelketara gerturatzen zen ororentzat ikusgarria izatea nahi genuen baina, antza, agintariak beldurtu egin ziren eta debeku zehatza ezarri ziguten. Ez gaituzte ezagutzen".

Euskal Herriko surf selekzioa

Lehen aldiz euskal kostalde osoko (Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia) surflariz osatutako selekzioa eratu zen Biarritzeko txapelketarako, baina ez espresuki antolatzaileek horrela izatea nahi zutelako, "horrela suertatu delako" baizik, Oier Ilarramendi EHSF-ko hautatzaileak adierazi zuenez.

Illarramendik selekzioa nola osatu zuten azaldu zuen: "Munduko WSL rankinga hartu eta bertako euskal surflariei deika hasi ginen. Lehen postuetan zeuden kideek jada selekzio frantses edo espainolarekin konpromisoa hartua zutela esan ziguten baina euskal selekzioaren parte hartzea bermatua egongo balitz, euskaldun gisa lehiatzea nahiago luketela".

Azkenean, zerrendari jarraituz, baiezkoa eman zuten surflariekin osatu zen euskal selekzioa honakoa izan zen: Andy Criere (Hendaia), Ethan Eguiguren (Oiartzun), Eneko Acero (Algorta), Lander Davila (Zarautz), Ana Moreau (Urruña) eta Maddi Aizpurua (Donostia).

Internet bidez selekzioko kideak erregistratzea ezinezkoa izan zenez, joan den maiatzaren 17an, Oier Illarramendi Biarritzera joan zen zuzenean surflarien izenak ematera. Mikel Troitiño EHSFko lehendakari ohi eta Euskal Herriko Kirolarien Elkarteko kideak lagundu zuen.

Megan Burns ISAko teknikariak egin zien harrera euskal ordezkariei. Euskal selekzioko kideen maila altua onartu eta halako talde batek parte hartu ahal izatea interesgarria litzatekeela onartu zuen ISAko teknikariak. Troitiñoren esanetan Burns "oso adeitsua" izan zen, baina ezezko biribila eman zien euskal ordezkariei.

"Izen emateak egiteko beharrezko guztia ekarri dugu, dirua, dokumentazioa eta selekzioko kideen datuak, baina ezin dugula parte hartu esan digu, ezta gonbidatu gisa ere", kontatu zuen Ilarramendik.

EHSF-k ISAri igorritako gutuna ere hizpide izan zuten; izan ere, erantzunik jaso ez zutelako erabaki zuen EHSF-ko teknikariak zuzenean Biarritzera joatea. Horri esker ISArekin izandako bilerak elkar ezagutzeko eta komunikazio kanal zuzenak eraikitzeko balio izan zuela nabarmendu zuen zarauztarrak.

Bide berri bat posible da

Joan den asteazkenean ISAko kideekin izandako bilera oso garrantzitsutzat jo zuen Ilarramendik, bere ustez, "aurrera begira urrats erabakigarriak egiteko ate bat zabaldu delako eta ezarritako helburua lorgarria dela ohartu garelako".

Eusko Jaurlaritzako kirol teknikari Jon Redondoren eta ISAko kideen artean komunikazio kanal bat ireki dela aditzera eman eta, horrela, ISAko kide izateko urratsak egiten hasteko moduan direla ere hausnartu zuen EHSF-ko kideak.

ISAko kide izateko bete beharreko baldintzak kontuan hartuta, maila teknikoan "zirrikitu batzuk badirela" ohartarazi eta aurrera begira baikor agertu zen Ilarramendi. "Gaur ez da ezer amaitu, hasi egin da", abisatu zuen zarauztarrak.

Zentzu horretan, datorren irailean Japonian izango den herrialdeen arteko munduko junior surf txapelketan euskal selekzioak parte hartu ahal izango duen galdetuta posible dela erantzun zuen Ilarramendik.

EHSF-ko kidearen aburuz, euskal selekzioa ofizial izatea helburu egingarri bat da: "Posible da. Horixe da guzti honetatik atera dugun ondorio nagusietako bat; alegia, euskal surf selekzioa gauzagarria dela. Irailerako? Ez dakit, baina edonola ere lortzen denak luzerako bermea izan behar du, ezin du izan txapelketa puntual baterako gonbidapen soil bat; bestela berriz ere kontu berari bueltaka arituko gara behin eta berriz".

Zer aldatu da?

Ez da euskal surflariek beste selekzioekin lehiatzea beste erremediorik izan duten lehen aldia. Oraingo honetan euskal surflariak elkartu eta mobilizatu badira, Mikel Troitiñok adierazi bezala, "gutxienez, etxean, gure selekzioarekin lehiatzeko aukera izan behar genukeela uste dugulako" da.

2001. urtean Hossegorren parte hartzea debekatu ziotenetik ez da euskal selekziorik osatzeko saiorik egin, baina artean herrialdeen arteko txapelketa andana bat izan da eta euskal surflariak selekzio espainiar edo frantsesarekin lehiatu dira. Aldatu den gauza bakarra da orain artean mota horretako txapelketek ez zutela sona handirik, baina hurrengo olinpiar jokoetan surfa ere izango dela iragarri zenetik ISAko txapelketek indar handia hartu dute.

Testuinguru horretan, teknikoki parte hartzea lortzeak erraza badirudi ere, euskal selekzioa ez osatzeko interes asko dago, batez ere espainiar eta frantsesen aldetik, zeren bi herrialde horietako selekzioetan euskaldunek duten pisua kontuan hartzen bada, euskaldunik izango ez balute beren emaitzak askoz ere txarragoak izango lirateke.

Espainiarren kasuan, egunotan Biarritzen parte hartzen ari diren nesken taldeko kide guztiak, baita ordezkoak ere, euskal herritarrak dira. Beraz, euskal selekzioak parte hartzeko aukera izango balu munduko lehen bost postuen artean egoteko aukera erreala izango luke, Frantziako eta Espainiako selekzioen gainetik.