Odei BARROSO

Bizitzaren aldeko guda

IRITZIA- "Mende honetako gaitza" denaz hausnartu du bertsolariak: minbizia. "Zenbat erran diguten eta zer gutxi dakigun berari buruz". Bere iritziz, gaixotasunari aurre egitea "ez da bortxaz  heriotzaren aurkako borroka bat, bizitzaren aldeko borroka bat baizik".

Odei Barroso iruditan.
Odei Barroso iruditan.

Harrigarria da zer guttitan ezartzen dugun zalantzan medikuntzaren norabidea, bere funtzionamendua eta aberasteko era. Inor guttik ukatuko du gerlek ezkutuan duten interes ekonomikoa, armen salmenta den negozioa... Egunero izaten dugu gerlen berri, eta anitzek ederki dakigu zenbat gezur kontatzen dizkiguten. Baina medikuntzaz mintzo garelarik ez ditugu horrelako gogoetak izaten. Gaitz batengatik edo bestearengatik zendutako pertsona kopuruen zifrak entzuten ditugularik, medikamendu honetaz edo hartaz mintzo direlarik ez diogu inolako galderarik pausatzen geure buruari. Edo horrela bada, guttitan.

    Armen salmenta munduko negoziorik handienetakoa da. Medikamenduen salmenta munduko negoziorik handienetakoa da. Baina ez nator gerla horietaz hitz egitera.

    Mende honetako gaitza da minbizia. Denek dugu senitarteko, lagun edo ezagunen bat gaitzak jota, gaitza gaindituta, eta kasurik txarrenetan gaitzak eramana. Zenbat erran diguten eta zer gutxi dakigun berari buruz. Ederki doakion izena ezarri zioten: minbizia. Bizia baita bere mina, mina baita berekin bizitzea, mina ekar baitezake bizia eraman dezakeen gisan.

    Su-etenik gabeko gerla da, egunerokoa, arnasgunerik gabea. Barnetik ala hurbiletik biziz gero, galdu ala irabazi, aldatu egiten zaitu. Gauza anitz desikasi behar dituzu beste gauza batzuk ikasi eta ulertu ahal izateko. Ez da bortxaz heriotzaren aurkako borroka bat, bizitzaren aldeko borroka bat baizik.

    Gudetan gudariak daude, heroiak, martirrak, dominak...

    Minbiziari partida irabazi diotenak ez dira heroi batzuk bailiran oroituak izanen. Baina beraien baitan hori guztia gainditzeko behar izan duten indarra ustezko heroi anitzena baino handiagoa da. Ospitaleko guda zelaitik etxera itzultzean ez zaie dominarik lepotik zintzilikatuko. Baina etxekoen ongi etorria izanen dute, eta ohe goxo bat eskainiko zaie pausa daitezen. Gerla horretan bizitza uzteraino borrokatu zirenak ez dira martirrak kontsideratuko, ez dira liburutan agertuko... Baina ingurukoen bihotzetan eta memorietan utzitako arrastoa ez du denborak ezabatzen ahalko.

    Anartean, jakinik ala jakin gabe, ikusiko ditugu, gurutzatuko ditugu, agurtuko ditugu... bizitzaren aldeko gudan bizi diren horiek.