Maite UBIRIA

Adierazle ekonomiko baikorrak plazaratu ditu Baionako Merkataritza Ganbarak

Iazko urteari dagokien adierazle ekonomikoei buruzko informazioa plazaratu du Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak maiatzaren 16ean. Andre Garreta erakundeko presidentearen erranetan, baikorrak diren datu horiek kontutan hartuz, "udaberri ekonomikoa" hurbilago da.
Euskal Herria "udaberri ekonomiko" baterantz doala dio

 

Andre Garreta, irudiaren erdian, Baionan eginiko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Andre Garreta, irudiaren erdian, Baionan eginiko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

"Gure adierazle ekonomiko guztiek kolore berdea dute". Andre Garreta, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) presidenteak Akitania Berriaren 3.843 enpresaburuek emandako datuen gainean eginiko txostenaren mamia esamolde horrekin laburbildu du, Naiz atariak azaldu duenez.

Baionako Ganberak eskualdeko datu orokorrak eta hiru lurraldetakoak gurutzatu ditu Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa zein den aztertzeko. Txosten horren arabera, "enpresetako arduradunek konfiantza berreskuratu dute" eta horrek aukera berriak zabalduko ditu aurrera begira.

Barometroa egiteko datuak hornitzen dituzten enpresen egoerak eta, era berean, lan merkatuaren bilakaerak azkarki hobera egin dutela gaineratu du Garretak. Bere esanetan, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ekonomia aro berri batean sartu da. Konfiantza sentimenduarekin batera Frantziako presidente berria izendatu ondoren "egonkortasun egoera berreskuratu dela" eta nabarmendu du hori lagungarria dela 2017ak marrazten dituen erronkak.

Adierazpenak zifra andanarekin jantzi ditu Garretak. Azaldu duenez, enpresen sorrera %15,9an hazi zen iaz. Hartara 2.692 enpresa berri sortu ziren hiru euskal lurraldetan. Denbora berean zailtasunak zituzten enpresen kopuruak behera egin zuen (-%14,3an).

Langabezia behera poliki; soldatak ez dira aski emendatzen

Iaz lanpostu kopuruak gora egin zuen Ipar Euskal Herrian, "Frantzia zein Akitania Berriarekin alderatuta, maila altuagoan" gainera, Ganberako presidentearen esanetan.

2016ko laugarren hiruhilekoa ardatz harturik, orotara 82.400 langile ziren hiru lurraldeetan, eta haien batez besteko soldata 2.165 eurokoa zen (+1,7).

Zifra horiek hobetzera eginen dute aurten, Ganberako arduradunen ustetan. Hartara, 10.000tik gora lan eskaintza aurreikusten dituzte. Hori baieztatuz gero, urtebetez %7,4 gora egingo lukete kontratazioek.

Hala eta guztiz ere, egoera kontraesankorra ematen da. Enpresaburuek langile berriak hartzeko asmoa agertzen badute ere, "askotan ez dute beraiek eskatzen duten behargin kualifikatu adina atzematen". Ondorioz, "langabeziaren tasak ez dira beharko luketen erritmoan apaltzen".

Kezkagarria da, bereziki, iraupen luzeko langabeen egoera. Baionako eskualdea begiratuta, 2016ko abenduan 28.701 pertsona lanik gabe ziren. Eremu berdinean, lana bilatzen zuten herritarren %41a urte bat baino gehiago zeraman Pôle Emploi (enplegu bulegoa) delakoaren zerrendetan. Urte bukaeran lana bilatzen zutenen artean %53a emazteak ziren.

Enplegu gehien sortzen diren jarduerak zerbitzuak eta industria dira. Horiek eta beste adierazle batzuk eskutan –Biarritzeko aireportua eta Baionako eta Donibane-Ziburuko portuen balantzea, eraikuntzaren sektorearen zifren emendaketa, turismoaren hobekuntza, baita udako oporralditik harago– Andre Garretak nabarmendu du enpresaburu gehienek (%79) etorkizun hurbilari baikortasunez begiratzen diotela.