Maite UBIRIA

Lurraldeko elkarrizketa sozialaren aldeko elkartea sortuko dute

Badira bi urte langileak eta nagusiak biltzen dituen elkarrizketa sozialaren aldeko elkartea martxan jarri zuela Garapen Kontseiluak. Eratutako batzordeak hamar enpresetan lan osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko esperimentazio programa burutu du. Emaitza kontutan hartuz, proiektua garatzearen alde agertu dira bultzatzaileak.

Datozen hilabeteetan egitasmoa ezagutarazteko praktika egokien gida eginen dute enpresa guztiei eskaintzeko.
Datozen hilabeteetan egitasmoa ezagutarazteko praktika egokien gida eginen dute enpresa guztiei eskaintzeko.

Lurraldeko elkarrizketa sozialak garapen sozial zein ekonomikoari begira onurak ekar ditzakeela jakinik, batzordea osatu zuen orain dela bi urte Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Geroztik, hainbat arlotan proiektuak eta esperimentazio ekimenak eraman dituzte aitzina. Hala nola lurralde gizarte-bitartekarien papera indartzeko eta langileentzako aurrezki sistema berria bultzatzeko.

Baionako Lanbide eta Ofizialeen Ganberan eginiko agerraldian, 2016. urtean zehar Ipar Euskal Herriko 10 bat enpresatan garatu duten programaren balorazioa egin zuten Garapen Kontseiluaren izenean, Caroline Phillips lehendakariak eta Lurraldeko Elkarrizketa Sozialaz arduratzen den batzordeko kide Jean-Baptiste Etchetok. Horiekin zen Olivier Seube, esperimentazio honetan behatzaile gisa jardun duena.

Estatuaren sostenguarekin, Laneko Osasuna eta Bizi Kalitatea (LOBK) deituriko programa lehen aldikoz gauzatu da Euskal Herrian: enpresetara zuzendu ziren iaz egitasmoaren berri emateko eta lantoki bakoitzean partaide ezberdinen parte hartzea proposatzeko, nagusien zein langileen onespena izanik soilik ahal baita martxan jarri. Lehendabiziko lan horretatik hamar enpresako lagin bat atera zuten. Jarduera ezberdinak dituzten enpresa ertain eta txikiak dira, ehun ekonomikoaren irudia ahal bezain hurbila izan dadin.

Lan moldeak eta barne arazoak

Enpresa txikiena Ezpeletako piperraren tailerra da, zazpi bat langile baizik ez dituena; handiena, berriz, Hendaiako Sokoa altzari enpresa, 240 langile dituena.

Bistan da bi lantegi horietan dituzten lan molde eta antolaketa ereduak oso ezberdinak direla. Modu batean edo bestean "langileen eta nagusien arteko harremanak, baita enpresaren partaide ezberdinen lan baldintzen kalitatea hobetzeko erronka" amankomunak atzeman dituztela azaldu zuen Caroline Phillipsek. Enpresetan bizi izaten diren egoerak askotan zailak izaten dira, eta horiek gatazkak eragiten dituzte sarritan. "Ezin da arrosa koloreko balorazioa egin; arazoak hor dira, baina kasu gehienetan esperimentazioak emaitza onak ekarri ditu", gaineratu zuen Jean-Baptiste Etchetok.

Enpresetan osaturiko elkarrizketa guneek "egiazko problematikak azaltzea ahalbideratu" dutela nabarmendu zuen, hori aurrerapausoa dela gaineratuz. "Enpresa askotan, bereziki txikienetan, zailtasunak direlako elkarrizketa esparruak antolatzeko", Etchetoren esanetan.

Aurrera begira LOBK programa enpresa guztietan ezagutarazteko lan eginen dute, horretarako hainbat tresna erabiliz, esaterako praktika egokien gida bat proposatuz. Bestalde, lantegietan diren hainbat arazoren gainean –mugikortasuna, enplegu kalitatea, lan jazarpena, absentismoa...– begirada zabalagoa ezarriko lukeen behatokia sortu nahi dute.

Lurraldeko elkarrizketa sozialaren aldeko elkarteak, "entitate juridiko autonomo gisa" eratzekoa denak –uda ostean martxan izatea dute xede–, bere gain hartuko lituzke, hain zuzen, egitasmo horiek guztiak.

 

Trantsizioa eginez Euskal Elkargoari begira

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, frantziar Estatuko deszentralizazio legeen bidez aurreko hamarkadetan sortu ziren beste hainbat egitura bezala, trantsizio fasean dago.

Hiru lurraldeak bere baitan hartzen dituen lehenengo erakundearentzat garapen ekonomikoa eta soziala ardatz garrantzitsua izanik ere, eremu horri heltzeko zein baliabide erabiliko dituen zehazteke dago. Trantsizio fase horretan daudela onartu zuten Garapen Kontseiluko ordezkariek, eta batik bat eginiko lana balioan jartzeko baliatu zuten hedabideen aurreko agerraldia. Etchetok iragarri zuen lurraldeko elkarrizketa soziala sustatzeko, batzorde horren sorrera nahitaez testuinguru aldakor horretan kokatu beharra dagoela. Are, elkarte hori ezaugarritzeko orduan, izaera juridiko autonomoa aldarrikatu zuen, gauzak argitzearren berehala adibidea emanez: Euskararen Erakunde Publikoa (EEP), hartara orain arte baliaturiko tresnak birmoldatzeko apustua agerian utziz. M.U.