Iurre BIDEGAIN

Baiona-Donibane Garazi tren zerbitzua berriz martxan

Otsailaren 6az geroztik hetsia zegoen Baiona-Donibane Garazi tren zerbitzua berriz idekiko dute gaur. CGT sindikatuaren ustez, trenbidearen arazoak aurreikusi zitezkeen, "gastu gehigarriak saihesteko" xedez.

Donibane Garazi-Baiona arteko tren zerbitzuaren azken obrek 150.000 euroko kostua izan dute. © Gaizka IROZ
Donibane Garazi-Baiona arteko tren zerbitzuaren azken obrek 150.000 euroko kostua izan dute. © Gaizka IROZ

Baiona-Donibane Garazi tren ibilbidea 2015eko azaroan estreinatu zuten. Trenbidearen burututako obrek 62,5 milioi euroko kostua izan zuten. Aste bat beranduago berriz hetsi behar izan zuten, gidari eskasien eraginez. Hilabete bakar batzuetan martxan jarri ondoren, otsailaren 6ean zerbitzua bertan behera utzi zuten. Aldi honetan, trenbideko zati bat andeatu zelako.

Hain zuzen, Jatsu eta Haltsu artean arazoak agertu ziren. Apirilaren 3tik 28ra obrak burutu zituzten. Hala nola, sostengu murru bat eraiki zuten eta zolan 70 bat zutoin jarri zituzten, babes gisa. Azken obra horiek 150.000 euro balio izan dute.

Peio Dufau SNCFeko tren gidaria eta CGTko sindikalistaren ustez, zerbitzua denbora gehiegi hetsirik egon da. Baiona-Donibane Garazi arteko tren ibilbidean izandako arazo berak Baiona-Hendaia ibilbidean gertatzen direla azaldu du. Horrek "haserrea" piztu die. Hain zuzen, nahiz eta obrak egin, arazoak agertzen dira. Hala nola, bazterreko lurren mugimendua. Aterabide bat atzemateko helburuarekin, abiadura 90 kilometro ordutik, 40era apaldu dutela aipatu du. Haatik, Dufauk iragarri duenez, heldu den urtean arazoei aurre egiteko sei hilabetez hetsiko dute kostaldeko ibilbidea.

Bere aburuz, enpresak arazoak aurreikusi behar ditu. "Ez dute ongi pentsatzen eta ez da normala. Trenbidea berriz egiten dituzte, baina ez dute urrunago begiratzen. Sekulako gastua eragiten du zerbitzua berriz blokatzeak".

Trenbidea otsailean hetsi zutenean, Sud Rail sindikatuak "diru publikoarekin egindakoa behar gabeko xahutzea" dela deitoratu zuen. Sindikalistaren iritziz, diru publikoarekin zerbait egiten denean ongi pentsatu behar dira, batez ere, "etorkizunean diru gehigarririk ez eragiteko". "Bada arazo bat. Dirua gastatzen da parrastan, berriz egiteko, ados. Baina berriz egiten delarik, ongi egin behar da", erantsi du.

Nori eragiten dio zerbitzuaren hesteak?

Behin baino gehiagotan sindikalistek tren zerbitzuak barnekaldeko biztanleen beharrak asetzen ez dituela salatu dute. TER (Eskualdeko garraio espres) izanki, Peio Dufauren erranetan, tokiko jendearentzat zuzendua izan beharko luke. "Gaurko tren zerbitzuaren proposamena turistentzat zuzendua da. Ez da aski trenik lanera joan nahi dutenentzat. Guk eskatu duguna ordu garrantzitsuenetan zentzu bakoitzeko tren bat plantan ezartzea da", aipatu du.

Gisa horretan, Donibane Garazitik etorriko liratekeenaz gain, Kanbo edo Uztaritzetik ere jendea Baionara hurbilduko litzateke. Sindikalistaren ustez, aterabide baikorra litzateke ekonomikoki baita ingurumenari dagokionez ere.

Horiek horrela, maiatzaren 5 honetan, berriz ere tren bat abiatuko da Baionatik 14.55etan. Donibane Garazira 15.54etan ailegatuko da. Nahiz eta zirkulazioa berriz martxan jarriko duten, noiz arte iraungo du?