Kazeta

Sektore sozialaren ehorzketa antzeztu dute langileen nazioarteko egunean

IRUDITAN- Maiatzaren 1ean iragan den langileen nazioarteko egunean LABek hil kutxa bat eta loreak jarri ditu departamenduko kontseiluaren egoitzan. Ekintzaren bidez arlo sozialaren ehorzketa irudikatu nahi izan du.

Sektore sozialaren ehorzketa antzeztu dute Nazioarteko Langileen Egunean. ©Isabelle Miquelestorena
Sektore sozialaren ehorzketa antzeztu dute Nazioarteko Langileen Egunean. ©Isabelle Miquelestorena

LAB sindikatua eta Bizi elkarteak maiatzaren 1ean Baionako karrikak bete zituzten. Hainbat aldarrikapen entzunarazi zituzten. Biek "Fronte Nazionala, baita elikatzen dituzten  politiken" kontra jo zuten. Nahiz eta euria nagusitu zen, 2.000 pertsona elkartu ziren protestan, poliziak azaldu zuenez. Ipar Euskal Herriko CFDT, Giza Eskubideen Ligak (LDH), baita Les Bascos elkartea ere presente zeuden manifestazioan.


Manifestazioan parte hartu zuten beste taldeek herriko etxean hitza hartzen zuten bitartean, LAB departamenduko kontseiluaren egoitzara hurbildu zen. Bere xedea sektore sozialaren ehorzketa antzeztea zen. "Ez dira ekintza sozialetan engaiatzen. Haatik, eskumen garrantzitsuenetarikoa da", salatu du.

LABek Euskal Elkargoa interpelatu zuen ekintzaren bidez. Arlo sozialari dagokionez, eskumena bere gain hartzea eskatu zion. Bide batez, maiatzaren 2rako Labo Apsp prebentzio berezituenaz arduratzen den erakundearen aitzinean elkarretaratze bat antolatu duela iragarri zuen.

Bizi elkarteak manifestazioa koloreztatu zuen. Hain zuzen, parte hartzaileei jantzi koloredunekin joateko deia luzatua zien. Mobilizazioan Fronte Nazionalak lorturiko emaitzak deitoratzeaz gain, Emmanuel Macron kapitalismoarekin lotu zuen.