Kazeta

Maiatzaren 1a: sindikatuen urteko mobilizazioen bilana

Lanaren Nazioarteko egunaren karietara hainbat aldarrikapen ozen entzunaraziko dituzte karriketan. Urtean zehar, sindikatu anitzek langileen eskubideen defentsaren aldeko mobilizazioak burutu dituzte Ipar Euskal Herrian. Lan Legearen kontrako protestaz gain, osasun arloko langileak, postariak, baita tren gidariak ere mobilizatu dira.

Urtean zehar burututako mobilizazioen langileen eskubideen defentsa aldarrikatu dute.
Urtean zehar burututako mobilizazioen langileen eskubideen defentsa aldarrikatu dute.

Urtero bezala, Ipar Euskal Herriko langileak karrikara aterako dira beraien eskubideen defentsan. Baiona, Hendaia eta Maulen hitzorduak finkatu dituzte manifestazioak burutzeko, goizeko 11.00etan hain zuzen. Zalantzarik gabe, aurtengo ekimenetan lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzuliaren emaitzak presente izanen dira. Bizik eta Les Bascos elkarteek egin bezala kapitalismoa eta faxismoaren kontra jotzeko deia nagusituko da.

Urtean zehar langileek beraien aldarrikapenak ozen entzunarazi dituzte hainbat mobilizazioen bidez. Arlo anitzetako profesionalek beraien eskubideen errespetua fermuki galdegin dute. Hona hemen aurten burututako zenbait protesta:

Lan Legea. Uztailean Gobernuak 49.3 artikulua erabili ondoren, El Khomri Lan Legea Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten abuztuaren 9an. Erabakia hartu baino lehen herritarrak araudiaren kontra mobilizatu ziren. Jusqu'au retrait kolektiboak manifestazioak antolatzeaz gain, hainbat ekintza prestatu zituen. Hala nola, Biarritzeko autobidearen ordainlekua, Baionako posta bulegoa eta Tarnoseko portuko eremua blokeatu zuten erreformaren kontrakoek.

Tren Gidariak. SNCFeko tren gidariek ere hainbat arazo agerian utzi zituzten iaz. 2016eko maiatzean lan baldintza hobeagoak aldarrikatu zituzten langileek. Batez ere enpresa pribatu eta publikoen arteko oreka eskatu zuten. Hamabost egunez greban egon ondoren, hobekuntzak lortu zituzten.

Halaber, urte bukaeran, SNCF enpresak zerbitzuetan gizatasuna kendu nahi duela salatu zuen CGT sindikatuak. Hain zuzen, Biarritz, Hendaia eta Donibane Lohizuneko txarteldegietan langileak kendu nahi zituela deitoratu zuen. Tren gidariek astelehenero greban egotea erabaki zuten antolaketa berriaren kontra jotzeko xedez.

Postariak. 2016eko martxoaren hasieran Baionako postariak La Postek plantan ezarri nahi zuen berrantolaketaren kontra mobilizatu ziren. Oroitarazi behar da, Lapurdiko hirian hamabi bat gutun banaketa itzuli bertan behera utzi nahi zituela. Hots, hamabi lanpostu murriztu nahi zituen. Ekainaren 6ean greba mugagabea abiatu zuten. Hamazazpi egunez mobilizatuak egon ziren. Langileek greban segitzen zuten bitartean, enpresa zigortu zuen Baionako Auzitegiak. Hain zuzen, La Postek bitarteko langileak kontratatu zituen mobilizatuak zeudenen hutsunearen betetzeko.

Irailean enpresak antolaketa berria plantan ezarri ondoren, langileek itzuliak luzeegiak eta gutunak berant banatzen zirela salatu zuten.

Osasuna. Iazko azaroan erizain eta artatzaile taldeko langileek beren kexua adierazi zuten Estatu frantses osoan. Lan baldintzak geroz eta okerragoak direla deitoratu zuten. Lan postuak murrizten zituztela salatu zuten.

Baliabide murrizketak agerian utzi dituzte langileek, aurten ere. Hain zuzen, Capio erietxearen aitzinean elkarretaratze bat burutu zuten martxoan. Gisa berean, CFDT sindikatuak baliabide eskasen kontra jotzeko, Baionan, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluaren egoitzan, elkarretaratze bat antolatu zuen hilabete berean. "Profesionalek duinki beren lana egiteko oztopoak" dituztela nabarmendu zuen.