Kazeta

Zigorra eteteko eskaera onartu diote Oier Gomezi

Kondenaren suspentsio eskaera aztertu ondoren, Oier Gomezen abokatuaren galdea onartzea erabaki dute epaileek apirilaren 24ean, Bagoazek berri eman duenez. Larriki gaixorik dagoen presoaren kontrako hiru euroaginduak aztertuko dituzte heldu den asteazkenean. 

Oier Gomezen aldeko mobilizazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Oier Gomezen aldeko mobilizazioa Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Euskal presoaren egoera delikatuaren eraginez, epaileek Pitié Salpêtrière ospitalean bertan Oier Gomezek egindako kondenaren suspentsio eskaera aztertu zuten apirilaren 19an. Prokuradorea ez zen eskaeraren kontra agertu, Maritxu Paulus Basurco abokatuaren erranetan. Azkenean, epaileek deliberoa jakinarazi dute apirilaren 24ean: zigorra etentearen alde agertu dira, Bagoaz kolektiboak azaldu duenez.

Nahiz eta erabakiak Gomezen alde jo duen, gasteiztarraren ibilbide juridikoa ez da horretan bukatuko. Izan ere, Estatu espainiarrak eta Portugalek bere kontrako hiru euroagindu aurkeztu dituzte. Epaileek eskaerak apirilaren 26ean aztertuko dituzte.

Maritxu Paulus Basurco Gomezen abokatuak gaurko deliberoa "oso garrantzitsutzat" jo du. "Oraindik bere askatasuna lortu behar dugu euroaginduetan. Asteazkeneko auzia bide beretik joatea espero dugu", erantsi du. Abokatuak euskal presoaren egoera "oso oso larria" dela nabarmendu du. "Epaileek argi ikusi zuten. Oierrekin ospitalean topo egitean, horretaz jabetu ziren", aipatu du.

Bagoazek azaldu duenez, epaileek eskaera ontzat hartzeko Gomezen osasun egoera kontutan hartzeaz gain, gaur egungo "egoera politiko berria" ere kontutan hartu dute epaian. "Erabakian nabarmentzen da Oierrek beste arau hauste bat egiteko arriskurik ez duela. Izan ere, 2011n, ETAk iragarritako su eten iraunkorra eta berriki iragan den armagabetzea".

Elkartasun keinuak Euskal Herrian

Iragan larunbatean, milaka pertsona Gasteizen batu ziren Gomezen aldeko Elkartasun Egunean. Euskal presoak berak jasotako babesa eskertu zuen eta borrokan jarraitzeko asmoa duela argi utzi zuen. "Kriston indarra eman didate zuen animo guztiek, eta etortzen dena etortzen dela nik sutsu eta tinko segituko dut borrokan".

Bere askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioek segituko dute datozen egunetan. Hain zuzen, Bagoaz eta Sarek apirilaren 26rako ekimenak antolatu dituzte. Baionan egun guziko egitaraua prestatu du kolektiboak. Goizean afixa banaketaren ondoren, elkarretaratze iraunkorra eginen dute Lesseps kaian.