Iurre BIDEGAIN

Presidentetzarako bozak, zalantzazko emaitza

Igandean, apirilaren 23an, lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzulia iraganen da Estatu frantsesean. Hamaika hautagaietariko bi soilik bigarren itzulira pasako dira. Aurten, polemikaz jositako kanpaina dela eta, emaitza aurreratzea ausartzen direnak gutxi batzuk dira. Oraindik gutxiago ostegun arratsean Pariseko Champs-Elysée etorbidean izandako atentatuaren ondotik.

Lehen itzulia apirilaren 23an iraganen da.
Lehen itzulia apirilaren 23an iraganen da.

Lehendakaritzako hauteskundeen emaitza inoiz baino dudakorragoa da. Gutxi batzuk bozen gehiengoa lortuko duenaren izena aurreikustea ausartzen dira. Ustelkeri kasuen argitalpenak ez die asko lagundu hautagaiei. Oroitarazi behar da, François Fillon bere emaztea eta seme-alabak diputatuaren laguntzaile kargurako kontratatzeagatik ikertzen ari direla. Gisa berean, Parisko Fiskaltzak Emmanuel Macron ikertuko du Las Vegasen izandako ustezko "faboritismoagatik". Hori guti balitz, ostegunean, polizia bat hil zen Pariseko bihotzean izan zen atentatu batean.

Hala eta guztiz ere, igandean, apirilaren 23an 44,6 milioi herritarrek bozkatuko dute Estatu frantsesean. Behar izanez gero, boza gehien lortu duten bi hautagaiak parez-pare egonen dira maiatzaren 7an iraganen den bigarren itzulian. Baina, nor izango dira lehiatuko direnak?

Orotara, aurtengo bozetan hamaika hautagaiek beharrezkoak ziren 500 babesak lortu dituzte. Bi emazte eta bederatzi gizon dira. Hau da: Nathalie Arthaud (Lutte ouvrière), François Asselineau (Union populaire républicaine), Jacques Cheminade (Solidarité et progrès), Nicolas Dupont-Aignan (Debout la France), François Fillon (Les Républicains), Benoît Hamon (Parti socialiste) Jean Lassalle (Résistons!), Marine Le Pen (Front national), Emmanuel Macron (En marche!), Jean-Luc Mélenchon (La France insoumise) eta Philippe Poutou (Nouveau parti anticapitaliste).

Hamaika hautagaietatik lehen itzulian gehiengo absolutua lortu duena segidan presidente aukeratuko lukete. Ez usteko handia izango litzatekeena. Gaur egungo presidentea den François Hollanden mandatua hauteskundeen bigarren itzulia eta hamar egun berantago bukatuko da. Horrek erran nahi du, kargua ez dela segidan aurten hautatuko dutenaren gain geldituko. Oroitarazi behar da bost urteko mandatuaren lekukoa hartuko duela.

Ordu bat gehiago bozkatzeko

Kantar Sofres OnePoint etxeak egindako azken inkestaren arabera, lehia Emmanuel Macron eta Marine Le Penen artean izango litzateke. Egiturak argitaratu duenez, PSko ministro ohia bigarren itzulian garaile agertuko litzateke botoen %61ari esker.

2012an Estatu frantsesean 85.000 bulego ideki zituzten bozetarako. Goizeko 08.00etatik 18.00etara beren iritzia eman zuten herritarrek. Aurten, ordea, ordu bat gehiago izanen dute bozkatzeko. Kontseilu Konstituzionalak bulegoak 19.00ak arte idekitzea erabaki du. Bere erranetan, "lehen emaitzen argitalpen goiztiarra saihestu" nahiko luke.