Kazeta

Herritarrek ahate eta oiloen hilketa trabatu dute

Poliziak gas negargarria jaurtikitu du Gabadin bilduak diren herritarren kontra. Domintxine eta Barkoxen ere ehunka herritarrek hegaztien hilketa trabatu nahi izan dute. Goizeko 9ak aldera, Estatuko ordezkariak hiru etxaldeetatik joanen zirela iduri zuen.

Barkoxen hautetsiak lehen lerroan agertu dira.
Barkoxen hautetsiak lehen lerroan agertu dira.

Goizean goiz elkartu dira herritarrak, ostiral honetan, hegazti gripea gelditzeko abere hilketa salatzeko Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldetan. Poliziak eta CRS kamioiak ere hor ziren. Goizeko 8ak eta erdi aldera jendea barreiatzeko gas negargarriak baliatu dituzte Gabadin, baina osasun zerbitzuak etxaldean sartu ahal izan gabe gelditu dira.

Berrehun bat manifestari dira Baxe Nafarroko herri horretan, beste hainbat Domintxinen eta 400 bat Barkoxen. ELB sindikatuak deitutako elgarretaratzeetan hautetsi franko agertu dira. Lehen lerroan jarri dira Xiberoko mobilizazioan. Horregatik, Estatuko zerbitzuek herritarren gainetik pasatzeko zaila izanen dutela pentsatu dute sindikatuko arduradunek. Eta hala izan da, goizeko 9ak aldera poliziak joan baitira herri horretatik.

Izurritearen lehen faseaz geroztik, abere sanoak hiltzearen kontra agertu da ELB, konponbide antzu bat dela argudiaturik. Gabadin den Jean-Louis Prebende herriko auzapeza, berriz, kezkatua agertu da polizien jarreraz Euskal Irratien mikroan : "Bortizki jokatzea holako gauza batendako harrigarria da. Bortxaz nahi izan dute pasatu Euskal Herriko hautetsi anda batek sustengatu dituztenean hiru etxaldeak". Toki berean izan da Isabelle Pargade departamenduko kontseilaria.