Kazeta

ELBk mobilizazioak antolatu ditu kabalen hiltzea oztopatzeko

ELBk mobilizazioak antolatu ditu apirilaren 12an hegazti gripearen kontra hartu dituzten neurriak deitoratzeko. Hain zuzen, Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetan hamarnaka pertsona bildu dira animalien hiltzea oztopatzeko. Mobilizazioekin segitzeko asmoa duela erran du sindikatuak.

Iragan astean iragarri zuen bezala, ELB sindikatua hegazti gripearen kontrako neurrien aitzinean mobilizatzen hasi da. "Fronte kolektiboa" antolatuko zuela erran zuen eta hala egin du apirilaren 12an Ipar Euskal Herriko hiru etxaldeetan. Goizean abiatutako mobilizazioarekin segitzeko xedea duela erran du sindikatuak.

Hain zuzen, Domintxineko Jean-Michel Berho, Gabadiko Bernadette Prebende eta Barkoxeko Uhartia etxaldeak beren kabalak hiltzeko abisua jaso dute iragan astean. Agindua dela eta, protesta antolatu du sindikatuak. Mobilizazioan AMAP egiturak ere parte hartu du, herritar andana baten sostenguz. Goizetik hunkituak diren hiru etxaldeen aitzinean elkartu dira.

Hain zuzen, prebentzio gisa hartu dituzten neurriak deitoratu dituzte mobilizazioan parte hartu dutenek. Hiru etxalde horiek eritasuna atzeman duten guneetik hurbil direnez, agindua jaso dute.

Hazkuntza sanoak

Sindikatuak agiri batean azaldu duenez, DDPP Biztanleriaren Babeserako Departamenduko zuzendariarekin elkartu da. Bilkuran hiru hazkuntzen egoera zehaztu dio. Hau da, zirkuitu hetsian ari diren etxaldeak direla, horietan "kanpoko jenderik ibiltzen ez dela" eta hazleek animaliak arriskuetaz zaintzen dituztela.

Beren argumentuak berresteko, hiru hazleek analisiak egin dituzte. Emaitza guztiak negatiboak izan dira, hazkuntzak sanoak direla baieztatu dute. "Odol hartzeek erakusten dute gainera kabalak ez direla eritasunarekin kontaktuan izan aitzineko hilabeteetan", erantsi du.

ELBren aburuz, "kabala sanoen hiltzeak ez du izaterik". Bere iritziz, gaitzaren "erroei" lotu beharko luke administrazioak: "ahate sailaren industrializazioa, garraioen erabiltze masiboa eta hazkuntza tipi zein kanpokoei inposatzen dizkieten neurri zentzugabekoak".