Idoia ERASO
Interview
JEAN-LOUIS DAVANT
IDAZLEA, IKERLARIA ETA EUSKALTZAINA

'Euskara nire arimaren arnasa da'

Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria eman zioten Jean-Louis Davanti martxoaren 25ean Ürrüstoin. Idazle eta ikertzaile xiberotarrak "Frantzia eta nazioa" liburua aurkeztu zuen iragan astean Baionan. Bere azken obrari buruzko azalpenak eskaini dizkio Gara egunkariari.

"Euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko esfortzu eta lanagatik" saria eman diote Davanti. ©Aurore Lucas
"Euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen etengabeko esfortzu eta lanagatik" saria eman diote Davanti. ©Aurore Lucas

Manuel Lekuona Saria emateko arrazoien artean euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aipatu dute. Zer nabarmenduko zenuke zuk?

Nik euskara zerbitzatu dut gehienbat erabiliz, eta asko idatzi dut ere euskaraz. Ikerketa batzuk egin ditut euskararen gainean, historian, literaturan… Lan asko egin ditut, ez dakit ze ondorio ekarriko duten, gero ageriko da; baina, indarra bai, asko sartu dut horietan.

Lan kuttunen bat baduzu?

Olerkia maite dut, poesia. Hor dut atsegin gehienik hartu: zortzi olerki liburu. Hor asko ari izan naiz, baina plazerarekin. Pastoralean ere hamar idatziak ditut, atseginez eginak. Pastorala idaztea ez da konplikatua, baina hats luzeko lanak dira.

Ikerketak ere egin dituzu gai anitzen inguruan, lan handia eraman duzu... nondik atera duzu horren egiteko indarra?

Erraiteko maneran, euskaraz sortu naiz eta sei urte arte ez dut beste hizkuntzarik ezagutu. Euskara niretzat naturala da, nire arimaren arnasa edo hatsa da, eta horren maitatzea eta zerbitzatzea gauza normala irudi zait. Nire beldurra izan da luzaz, ez ote zen galduko. Ez dadila gure faltaz gal, eta eginahala egin dut horren alde. Pasio bat historia da, irakurtzen hasi nintzenetik. Hor ere lan egin nahi izan dut, asko bilatu, asko ikertu dut.

Lan bat aurkeztu berri duzu, "Frantzia eta nazioa".

Benetako gaia frantziar nazionalismoa du, baina Luzianekin [Etxezarreta] iduri zaigu agresiboegia zela. Edukian frantziar nazionalismoa nola sortu eta garatu den, zein dituen oinarriak eta ezaugarriak, eta ondorio batzuk ere agertzen dira, bereziki garrantzitsua da guretzat, eta estatu gabeko nazio andana batentzat. Zeren frantsesak nazionalista izugarriak dira, printzipio unibertsalista batzuekin. Beraiek ez dira ohartzen, eta guk ohartu behar dugu, hori guretzat oztopo handia delako.

Bereziki aipatzen duzu frantsesa ez den estatuko beste hizkuntzen ukapena.

Frantsesentzat hizkuntza ez da garrantzitsua, salbu frantsesa delarik. Frantses izpirituan frantsesa unibertsala da.

Nolakoa da frantses nazionalista?

Frantses nazionalistak ez daki nazionalista dela, bere ustez unibertsalista da. Gehienak komunotaristak dira: Frantzian izanez gero denek gauza berak maitatu beharko genituzke, eta funtsean denok berdin pentsatu, mintzaira bakarra, pentsaera bakarra. Hizkuntza ez da soilik komunikatzeko, lehenik pentsatzeko tresna da, pentsaeraren harriak dira. Ez da soilik praktikotasun hotz batetik ikusi behar, sakonagoa da, gure izatean barnean dago. Gure arimaren hatsa da hizkuntza.

Ikusten da ez zarela soilik ikertzailea, baina poeta ere.

Poetak ere xerkatu behar du, ez soilik mementoan bihotzetik pasatzen zaiona, baina pentsatu eta hautuak egin. Nik Euskaltzaindian lan egin dut, bereziki hiztegian, Hiztegi Batuko lantaldean egin dut luzaz. Hitzek niretzat garrantzi handia dute; ez dira nolanahi erabili behar, hautatu behar dira eta ongi kokatu, hori pentsatzen denarekin doa. Ez naiz biziki hitz jokoen aldekoa, salbu zerbaiten hobeki erraiteko. Hizkuntza ez da jokoa.

Xiberoko errealitatea islatzen eta Euskal Herrira hedatzen egin duzun lana azpimarratu dute Eusko Ikaskuntzan.

Beti saiatu naiz Xiberoa eta Euskal Herri osoa biak elkarrekin atxikitzen. Xiberoa besteei lotzea, eta ez kasik beste hizkuntza berezi bat egitea xiberotarra, batzuentzat joera hori baitzen; orain gutxiago. Diferentzian barnatzea, hiztegian ahalaz besteek ez dituzten hitzen hobestea, eta nik alderantzizkoa egin dut, xiberotarra galdu gabe. Hautua dudalarik denetan ulertzeko hitza hautatzen dut.

Zein da euskararen egoera Xiberoan gaur egun?

Ona dela esango banu gezurra esango nuke, bagenekien gaizki izanen zela, eta horretarako ginen abertzale bilakatu. Erdi zoroa izan behar zen duela 45 urte denen aurrean abertzale agertzeko, jendea gure aurka zen: frantses eta kitto. 2. Mundu Gerlaren aurreko euskaldunen lema Ipar Euskal Herrian zen "aberri txikia aberri handiaren barruan", baina gero ez zen aberri txikirik aipatzen ere, denaren beherapenaren hasiera sentitzen zen, bagenekien euskarak behera eginen zuela.

Hori dela-eta ni ez naiz negarrez ari orain, bagenekien aurretik. Baina alderantzizkoa ere bada: ikastolak egiten duen lana. Xiberoa zola honetan transmisioa galdua zen, Ürrüstoiko haurrak ez dira asko, baina gehienek euskaraz badakite ikastolari esker. Eta alderantziz, bortu aldean izigarri fier ziren euskara etxean ikasi behar dela eta gaur egun haur horiek ez dakite euskaraz; orain ikastolaren bitartez egiten da. Gero, klase elebidunak ere badira eskola publiko eta katolikoan; ez da aski, baina orain arte ez zen batere euskararik egiten eskoletan. Gau-eskolak ere hor daude.

Pastoralak ere badaude, ez dutela ezer balio diote, baina hemen bizi denak badaki pastoralaren ondoren jende batzuk gau-eskolara badoazela, horrelako gauzak gertatzen dira Zuberoan. Ez dut erranen osoki baikor naizenik, baina etsita ere ez. Orokorrean beherapena, baina kimuak ere bai. Zuberoa ez da hiltzen ari. Pixka bat zahartzen ari da, hori ere egia da; baina Euskal Herri osoko drama da hori, demografia txarra dugula.

Euskara batuaren sorreran, Arantzazuko bilkura historikoaren atarian egin zenuen lana ere goraipatu dute.

Baionako biltzarrean egon nintzen 1964an eta horko dosierra Koldo Mitxelenak Arantzazun irentsarazi zuen, guk gure lana Baionan egin genuen Txillardegiren inguruan.

Nola ikusten duzu euskara batua? Sorreran zeneuzkaten helburuak bete dira?

Orokorki lortu du. Gero nik deitoratzen dut batua ez dadin guk nahi dugun bezain batua izan. Hegoaldean anitzek Iparraldeko hiztegia baztertzen dute, Hiztegi Batuan dago baina; eta, halaber, Iparraldean Hegoaldeko hiztegia gutxi sartzen da. Lan asko egin dugu hartaratzeko. Gipuzkera, lapurtera eta nafarrera garaiaren bilduma da, atxiki behar dugu denena dela, eta ez Iparraldekoa edo Hegoaldekoa. Dikotomia hori badago.

Hegoaldetik galdetzen didate zergatik egiten dugun Iparraldeko batua. Orain arte ez dut erantzun, baina erranen dut: ni ez naiz horren alde, baina nire ustea da Iparraldean beste bat egiten dela Hegoaldean Hegoaldekoa egiten delako gehiegi, ez denek, baina arruntean bai. Iparraldeko hiztegia gehiegi baztertuz. Oreka bat atxiki behar da, eta euskara zabala da.

Zer esateko duzu batua eta euskalkiak aurrez aurre ematen dituen eztabaidaz?

Biak behar dira, euskalkia bizi den tokian egin behar da, Xiberoan ez bada xiberrotarra egiten, bereziki xiberrotarra baldin bada, ez da entzuna. Uste dut Bizkaian ere bizkaiera batua egin dutela, euskara batuari esker batasun bat ere beraien artean, normalizazio bat, bizkaiera klasiko bat. Gero besteek ikusi behar dute nola ari diren, nik biak atxikitzen ditut. Ez naiz zubereraz ariko Baionan edo Donostian, baina Maulen bai. Biziak manatzen du.

Piarres Charriton lankide eta laguna zendu da. Zer utzi digu?

Piarres Charriton pizkundeko gizona izan zen. Asko, asko, asko utzi digu. Lehenik, Pariseko Euskal Etxea, Hazparneko bi ikastetxeak; gero, hainbeste gazte esnatu zituen, bai irakasle zelarik Mauleko ikastetxe katolikoan, Euskaldun Gazterian eta, ondotik ere, beti pizle eta sustatzaile, ideia berrien emaile eta iniziatiben bultzatzaile izan da.

Euskaltzaindian parte handia hartu du Hiztegi Batuaren alde, elkarrekin lan egiten genuen hilabetean behin. Paratu dituen liburuak, Larzabalen zazpi tomo, Etxepare medikuaren bost, itzuli dituen klasikoak latinetik, berak ere idatzi dituenak… harrigarriko obra. Xipri Arbelbidek joan den mendeko bost euskaldun handien artean kokatzen du. Hainbeste alor hunkitu du, eta nekaezina, indartsua…

Bukatzeko, zer ekarpen egin diozula uste duzu euskarari eta euskal kulturari?

Euskara batuaren sortzaile, eta gero sustatzaile eta laguntzaile izatea, bereziki Hiztegi Batuan parte hartu dut luzaz. Xiberoan xiberotarra klasikoaren indartzen, bazterkerietatik at. Klasikotasunaren alde nago xiberotarraz ere bai, hor badago segida bat eta etenik ez da behar, eta xiberotarra klasiko bat erabiliz besteek ere errazago ulertzen zaituzte.