Kazeta

Desarmea "arau judizialak errespetatuz" egin behar dela dio Cazeneuvek

Bernard Cazeneuve Estatu frantseseko Lehen ministroak ETAren desarmea "zuzenbide estatuaren legeak segituz" egin behar dela erran du. Cazeneuven adierazpenak itxaropentsuak direla uste du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak.

 Bernard Cazeneuve Estatu frantseseko Lehen ministroa. © DR
Bernard Cazeneuve Estatu frantseseko Lehen ministroa. © DR

Estatu frantseseko Lehen ministroa den Bernard Cazeneuvek ETAren desarmea arau judizialak errespetatuz egin behar dela aipatu du Pauen egindako bisitan, martxoaren 20ean. Oroitarazi behar da, Txetx Etxeberrik apirilaren 8an ETA "erabat" desarmatua izanen dela iragarri zuela Le Monde egunkarian. Ildo beretik, Mixel Berhocoirigoinek Bake Bideak antolatu zuen foroan ondokoa berretsi zuen: "Apirilaren 9an ETA ez da erakunde armatu bat izango".

Bakearen artisauen iragarpenari erantzunez, Bruno Le Roux Barne ministroak "armak jasotzea agintari judizialei bakarrik" dagokiela erran zuen biharamunean. Bernard Cazeneuvek ildo bera segitu du. France Bleu irratian aipatu duenez, "erraza eta sinplea da". "Justiziarengana jo, indarkeria utzi dutela erran eta arma guztiak itzuli", erantsi du.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapezaren aburuz, Cazeneuven adierazpenek "aitzin pausu bat" irudikatu dute, France Bleu irratian aipatu duenez. "Orduan, desarmea ez da ezinezkoa", erantsi du. Halaber, Ipar Euskal Herriko hautetsiek "desarmea egiazkoa" izatea nahi dutela nabarmendu du. Hots, "Euskal Herrian dauden arma biltegiak hustuak izan daitezela".