ETAren desarmearekiko erreakzioak biderkatzen dira

ETAren "erabateko" desarmatzea iragarria izan ondoren, Euskal Herriko hainbat eragilek beren usteak plazaratu dituzte. Hala nola, Jean-René Etchegaray auzapezak bake prozesuarekiko duen engaiamendua berretsi nahi izan du.

 

Kazeta|17/03/2017 14:45
Luhuso
Luhusoko operazioaren irudia. (Bob EDME)

Txetx Etxeberrik Le Monde egunkarian "ETA apirilaren 8an erabat desarmatuta egonen" dela iragarri ondoren, erreakzioak biderkatu dira Euskal Herrian. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea eta Baionako auzapezak bake prozesuarekiko duen engaiamendua berretsi du. Halaber, Arnaldo Otegik "urgentziazko agerraldian" sinesgarritasun osoa eman die bakearen artisauaren adierazpenei.

Jean-René Etchegaray. "Bake prozesuari dagokionez, memento garrantzitsu bat bizitzen dugu. Hautetsiek ezin dute arazoa beste norbaiten gain utzi", aipatu du. Hain zuzen, Txetx Etxeberrik iragarritako desarmatzearen operazioan "gizarte zibileko ehun bat pertsonek parte hartuko" luketela dio. Etchegarayk argi utzi du: "nire ardurak asumituko ditut". "Afera honetan, hautetsiak gizarte zibilari elkartasuna adierazi behar diote", erantsi du.

Etchegarayk Estatu frantsesaren "isiltasun gorgarria" deitoratu du. Oroitarazi behar da abenduaren 23an 600 hautetsi baino gehiagok gutun bat helarazi ziotela Gobernu frantsesari. Eskutitzean bake prozesuan inplikatzea aldarrikatu zioten.

Arnaldo Otegi. EH Bilduko kideak "armagabetzearen subjektu aktiboko kideak" egindako adierazpenei "sinesgarritasun osoa" eman die. Apirilaren 8ko iragarpena "berri on baten" adierazle dela nabarmendu du. Prozesu horrek hiru protagonista izan beharko lituzkeela uste du: gizarte zibila, nazioarteko eragileak eta Euskal Herriko hiru instituzioak.

Halaber, "hau lehenago egiterik bazegoela" erran du. "Estatuak ez badaude laguntzeko prest, ez dezatela oztopatu gutxienez", gehitu du Otegik.

Gobernu espainiarra. Estatu espainiarreko bozeramailea den Iñigo Mendez de Vigok Gobernuak "zuhurtziaz" albistea hartu duela azaldu du. "Gure jarrera argia da. ETAk bi gauza egin behar ditu: desegin eta armagabetu".

Iñigo Urkullu. Otegik egin bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak ere sinesgarritasuna eman die Etxeberriren adierazpenei. Desarmearentzat "baldintzak betetzen" direla uste du. Halaber, Jaularitzak bere esku dagoen guztia eginen duela erran. Haatik, "dena bere esku ez dagoela" nabarmendu du.

Uxue Barkos. "Bere esku dagoen guztia egiteko" engaiamendua adierazi du Nafarroako presidenteak. Hunkituak diren erakundeei, behin behineko desarmatze burutzeko, horren alde lan egiteko deia luzatu die.

EH Bai: Mugimendu abertzaleak "begi onez" ikusten du iragarritako desmartxa. "Estatu Frantses zein Espainolek, beren ardurak hartu behar dituzte eta prozesu hau bururaino eraman ahal izateko baldintzak bermatu edo bederen, oztoporik ez  jarri armagabetzeari", gehitu du. Bere aburuz, desarmatzearen prozesua aitzina eramateko gizarte zibilaren engaiamendua "beharrezkoa" da. Euskal Elkargoa eta Euskal Herriko bi instituzio nagusiei sostengatzeko deia luzatu diete.




 

RELATED NEWS