Iurre BIDEGAIN

Uda Lekuk aisialdi bilgune bat idekiko du Uztaritzen

Uda Leku elkarteak aisialdi bilgune bat idekiko du apirilaren 18an Uztaritzen. Bakantzen garaian idekia izanen den zerbitzuak gisa guzietako animazioen bidez euskararen erabilpena sustatu nahi du.

Orain arte aisialdi guneak Baiona, Biarritz eta Hendaian aurkitzen ziren. ©Uda Leku
Orain arte aisialdi guneak Baiona, Biarritz eta Hendaian aurkitzen ziren. ©Uda Leku

Uda Leku elkarteak euskararen erabilpena sustatu nahi du animazioen bidez. Zerbitzu hori lurralde osoko gazteei proposatu nahi die. Orain arte aisialdi guneak Baiona, Biarritz eta Hendaian aurkitzen ziren. Baina helburu nagusira heltzeko xedez, Uztaritzen ere bat idekiko du apirilaren 18an. Heraize auzoko eskola publikoan bakantza garaietan gisa guzietako animazioak antolatuko ditu.

Egitasmoaren ideia ukan zuenean, herritarren beharrak identifikatu nahi izan zituen Uda Lekuk. Horretarako, inkestak bidali zizkien familiei, haurra eta burasoen interesak zeintzuk diren jakiteko. Amets Lahetjuzan Uda Leku elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, "erantzuna oso baikorra" izan zen. "Galdekatuen %84a udan euskarazko bilgune bat idekitzearen alde agertu zen", aipatu du.

Erantzunen arabera, Uztaritze, Kanbo eta Hazparneko herrien aukerak nabarmendu zituen. Azkenean, Uztaritzekoa egokiena iruditu zaio. Gainera, Herriko Etxearen "harrera baikorra oso lagungarria" izan dela nabarmendu du langileak. "Hasieratik proiektua segitu du, sanoki eta baikorki. Argi da botere publikoen laguntzarik gabe ezin dela horrelako egitasmo bat plantan ezarri", erran du.

Gidaritza batzordearen sorrera

Herriko Etxeaz gain, beste hainbat erakundek bilgunearen sorreran parte hartu dute. Hala nola, Euskararen Erakunde Publikoa, CAF egitura eta beste herrietako hautetsi batzuk. Horiek guztiak eratu duten gidaritza batzorde batean bildu ditu Uda Lekuk. "Urtean behin bilkura bat egin nahiko genuke proiektua bera aitzinatzeko, aurrerapenen berri emateko eta problematikak azaltzeko. Halaber, denen artean aterabideak atzematen ahalko ditugu", aipatu du Lahetjuzanek.

Horiek horrela, otsaila, apirila eta urrian bi astez idekia izanen da bilgunea, udan bi hilabetez, eta eguberriz, ordea, aste bakar batez. Ordutegia familien beharren arabera finkatu du: goizeko 07.30etatik 18.30etara. Zerbitzuak kanpo zein barne aktibitateak proposatuko ditu, baita eskulan eta eztabaidak ere. Denak euskaraz.

Interesatuak diren burasoek haurren izena eman dezakete Uda Lekuko kide bilakatzeko. Fakturatzea gaztea bilgunera joanen den egunen araberakoa izanen dela esplikatu du koordinatzaileak.