Nafarroako dantzari eguna ospatuko dute Donibane Garazin

Maiatzaren 6an Donibane Garaziko herriak Nafarroako dantzari eguna errezibituko du. Nafarroa osoko 300 bat dantzarik parte hartuko dute lehen aldiz Ipar Euskal Herrian antolatuko duten egitarauan.

Iurre BIDEGAIN|14/03/2017 08:30|0 commment
P005_f01
Nafarroako hogeita hamar bat taldek ekimenean parte hartuko dute. ©ANDONI CANELLADA/ARGAZKI PRESS

Lehen aldiz, Nafarroako dantzari eguna Ipar Euskal Herrian antolatuko dute. Ekimena maiatzaren 6an prestatuko dute Donibane Garazin. Nafarroako hogeita hamar bat taldek parte hartuko dute. Azkenengo topaketa 2014ean iragan zen Irurtzunen.

Garaztarrak dantza taldea azken ediziora gonbidatu zuten. Taldeko kideek ekimena maitatu zutenez, bere burua aurkeztu zuen hurrengo edizioa Ipar Euskal Herrian antolatzeko. Horiek horrela, Nafarroako dantzarien biltzarrak gonbidapena onartu eta hurrengo edizioaren prestaketan murgilduta dago Baxe Nafarroako taldea. Baina, lan horretan ez dago bakarrik. Hain zuzen, Iparraldeko dantzarien biltzarra, Euskal Herriko dantzarien biltzarra eta Arrola taldea egitaraua prestatzen ari dira, elkarlanean.

Patxi Oillarburuk Garaztarrak taldeko dantzariak azaldu duenez, "kontent" dira ekimena antolatzeaz. "Garazin animazio bat eskainiko dugu eta bide batez Nafarroako dantzariak elkar ezagutuko gara", aipatu du.

Egitaraua arratsaldeko 14.00etan hasiko da herri anitzetan. Hots, dantza taldeek Bithiriña, Gabadi, Arboti, Bunuze, Luzaide, Baigorri, eta Donibane Garazin emanaldiak proposatuko dituzte. Herri bakoitzeko dantza taldeak bere gain hartuko du ikusgarriaren antolaketa.

Ondoren, 17.30etan talde guziak Donibane Garazin bilduko dira. Desfile batek herriko karrikak zeharkatuko ditu. Hainbat dantza elkarrekin eskainiko dituzte, hala nola, Euskaldunak-Sorginak eta Kontra dantzak. Aperitifa eta afariaren ondotik, dantzaldia antolatuko dute Holako taldearekin.