Kazeta

Desberdinki pentsatzetik desberdinki begiratzera

Maiatzaren 9tik 18ra, Urruñako San Frantses Xabier ikastetxeko ikasleak pantailak ahal bezain gutti baliatzen entseatuko dira.

Pantailei aurre egin beharko diete Urruñako San Frantses Xabier ikasketetxeko haurrek.
Pantailei aurre egin beharko diete Urruñako San Frantses Xabier ikasketetxeko haurrek.

Joan den astean, ezustekoak hartu zituen Urruñako San Frantses Xabier ikastetxeko ikasle eta gurasoak. Izan ere, egitasmo ezohiko bat eramateko proposatua izan zaie. Maiatzaren 9tik 18ra, hamar egun pantailarik gabe, edo beste manera batez begiratzeko 10 eguneko desafioari ekinen diote.

Lausoturik badirudi ere, proiektu hori oso konkretua da. Honen helburua hamar egunez edozein pantaila ahalik eta guttien erabiltzea da. Hain zuzen ere, San Frantses Xabier ikastetxean irakasle den Eneko Jorajuriak oroitarazi duen bezala, pantailek gero eta toki gehiago hartzen dute gure bizian. Halaber, gauza askorentzako ezinbestekoak badira ere, pantailei buru egiteko beharra sentitzen du jende anitzek.

Ikasle ez zaie errana izan pantailak ez erabiltzeko hamar egun hauetan. Etxeko lanentzat adibidez, ordenagailua behar baldin badute, eskubidea ukanen dute haren erabiltzeko, baina horren aparte, ahal bezain gutti baliatzen saiatu beharko dira. Horregatik ere bilkura bat antolatua da gurasoentzat datorren urtarrilaren 27an (oraingoz hitz bat baizik ez zaie helarazia izan), haien aurreiritziak deuseztatzeko, eta beren umeei zertan lagungarri izan dakizkiekeen jakiteko.

Lehiaketa bat

10 egun pantailarik gabe izeneko desafioa Jacques Brodeur kebetarraren ideia izan zen 2000. urtean. Diozesako zuzendaritzan irakaskuntza katolikoan kultura numerikoez arduratzen den Jérôme Gaillard izan da proiektu honen bultzatzaile nagusia. Esperientzia badu horretan, jadanik gauzatu baitu erronka hori Manseko eskola batean 2008an eta 2011n.

Urruñako eskolan, itua betetzeko lehiaketa gisa aurkeztu dute egitasmoa. Jakin behar da ikasleei puntuak emanak izanen zaizkiela pantaila baztertuko duten aldi bakoitzerako. Egitasmoa ongi azaltzen duen http://edupax.org webgunean, pantaila lau aldiz bazter daitekeela aitzinatua da: goizetan eskolara joatean, jateko tenorean, lo hartu baino lehen eta haurrak pantailarik ez du eduki behar ganbaran. Hori dela eta, klase bateko ikasle guzien puntuak zenbatuko dira, eta ondoren, klase garailea ebatziko da. Norgehiagoka horren bidez, ikasleen motibazioa areagotu nahi da beraz.