Kazeta

Ibon Fernandez Iradiren aldeko izenpedura bilketa antolatu du Bagoazek

Bagoazek osasun arloko profesionalei zuzendua den Ibon Fernandez Iradiren aldeko izenpedura bilketa antolatu du. Argitaratu agirian, osagarri saileko profesionalek euskal presoaren kondena etetea aldarrikatu dute.

Ibon Fernandez Iradiren alde burututako ekimena. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS)
Ibon Fernandez Iradiren alde burututako ekimena. (Bob EDME / ARGAZKI PRESS)

Osasun arloko profesionalek Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera kontutan hartua izatea aldarrikatu dute. Eskaera Bagoazek hedatu du eta osasun arloko profesionalei zuzendua da. Agirian, euskal presoak pairatzen duen esklerosia anizkoitzak artatze bereziak behar dituela nabarmendu dute. "Arta horiek ezin dira baikorrak izan presondegian". Azaroaren 24ean, Parisko Dei Auzitegiak Fernandez Iradiren kasua aztertuko du.

Izenpedura bilketan, euskal presoak bere eritasunari doakion artatzea behar duela azpimarratu dute. Profesionalek ohartarazi dute Kasazio Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi ez askatzeko Parisko Zigor Betearazte Epaitegiaren erabakia atzera bota zuela. Auzi berriarekin "itxaropena berpizten" dela diote.

Halaber, "herritar gisa" Bagoazek azaroaren 19an Baionan Fernandez Iradi eta gaixorik dauden presoen alde antolatu manifestaziorako deia luzatu dute. Legebiltzarrak 2002an bozkatu legeak gaixorik diren presoak aske izan behar dutela diote. Beren aburuz, euskal presoaren kondena eteteak Euskal Herriak bizi duen memento historikoarekin bat egingo luke.