Arantxa MANTEROLA

Irakasle euskaldunen faltari aurre egiteko neurriak hartu ditu EEPk

Iaz geroztik, Euskararen Erakunde publikoak, Bordeleko Akademia eta unibertsitatearekin batera irakasle euskaldunen faltari aurre egiteko neurriak hartzen hasi ziren. Urriaren 20ean, hitzarmenak izenpetu zituzten orain arte hartu neurriak indartzeko eta beste batzuk martxan jartzeko. Gainera, arazoari aurre egiteko euskal hiztunei dei egin zien erakundeak.

EEPren agerraldia urriaren 20ean. ©Isabelle Miquelestorena
EEPren agerraldia urriaren 20ean. ©Isabelle Miquelestorena

Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente Mathieu Bergek eta Bordeleko Akademiako errektore Olivier Dugripek dei berezia egin zioten urriaren 20ean euskal hiztunen komunitateari irakasle berriak bilatzen eta formakuntzara bideratzen laguntzeko, Garako artikuluak azaldu duenez.

Duela hamabi urte EEPk bere jarduera hasi zuenetik, Ipar Euskal Herrian hezkuntza publiko elebidunean, lehen mailan zein bigarrenean, "aitzinamendu nabarmenak" egin direla erakutsi zuten, urtez urte euskarazko irakaskuntzan izandako klase berrien irekiera eta ikasle kopuruen emendatzea azaltzen duten datuen bidez.

Igoeraren balorazio positiboa egiten duten arren, joera horrek berarekin dakartzan arazoak ere aipatu zituzten (klaseen doikuntzak, hizkuntzaren kalitatea...). Halere, oztopo nagusia, irakasle falta da. Kopurua handituz joan bada ere, ez dituzte aski eskaerari behar bezala aurre egiteko.

Irakasle berriak formatzeko hainbat bitarteko jartzen hasi ziren iaz, Bordeleko unibertsitateekin –irakasleak formatzen dituen ESPE eskolakoekin zein Euskal Ikasketen adarra duen Bordele-Montaignekoarekin– eta Paueko eta Aturriko Herrietakoarekin (Baionako fakultatea horren baitan da) lankidetzan.

Hitzarmenak

Orain, hitzarmen zehatzak sinatu dituzte dagoeneko irakasle direnei formakuntza intentsiboa eskainiz euskaldundu daitezen (8 Lehen Hezkuntzan eta 3 Bigarren Hezkuntzan). Irakasle izateko ikasten ari diren euskaldunei ere euskarazko irakasle izatea hautatu dezaten animatzeko sei aprendizgo kontratu ordaindu eskaini dituzte, ikasketak egiten dituzten bitartean bi egun erdiz astero trebakuntza praktikoa osatu dezaten.

Aurreragorako, Hego Euskal Herriko irakasle potentzialei begira ere programa berezi bat jartzeko aukera aztertzen ari dira.