Kazeta

HELEP: CFDT sindikatua langileen etorkizunarekin kezkatua

Hilabete guti falta dira elkargo bakarra plantan ezartzeko. CFDT sindikatua instituzio berriko langileen etorkizunarekin kezkatua da. Ildo horretatik, elkargo bakarraren prestaketa lanetan parte hartu nahiko luke.

CFDTko ordezkariak Baionako Lan Burtsan ©Isabelle Miquelestorena
CFDTko ordezkariak Baionako Lan Burtsan ©Isabelle Miquelestorena

Heldu den urtarrilaren 1ean elkargo bakarra plantan ezarriko dute. Orain arte eztabaida politikoak hainbat sail bazterrean utzi ditu; horien artean instituzio berriko langileen etorkizuna. CFDT sindikatuak langileen geroa bermatzeko, elkargo bakarraren prestaketa lanetan parte hartu nahiko luke.

"HELEParen (Herriarteko lankidetza erakunde publikoa) sorrera demokratikoki onartu den hautu politikoa da; ez da hautu sindikala", nabarmendu du departamenduko CFDT-Interco 64ko kontseilaria den Jean-Pierre Etcheverryk.

Arduradunak, gaur egungo hamar herri elkargoen langileak elkartuz HELEPak 650 langile izanen dituela  azaldu du. "Herri elkargoetako sindikatuetako langileak gehitzen baditugu, 1.000 soldatadun daude. Oroitarazi behar da Akitania Berriko eskualdeko bigarren Herriarteko elkargorik garrantzitsuena izanen dela", aipatu du Etcheverryk.

Aldarrikapenak entzunarazi

Sindikalistaren ustez, elkargo bakarrari buruz Hazparnen antolatu ziren tailerrek ez zuten gaiari buruz gogoetarik egin. "Urtarriletik lan egiten dugu eta gure aldarrikapenak biltzen dituen txostena osatu dugu", jakinarazi du Laurent Roux Euskal Kosta-Aturriko CFDT Interco sindikatuko idazkariak.

Aldarrikapen horien berri emateko, sindikalistak Jean-René Etchegaray Hautetsien kontseiluko lehendakaria eta Euskal Kosta-Aturriko presidentea den Claude Olivekin bildu ziren agorrilan. Eskakizunak herriarteko elkargoko beste lehendakariei bidaliko dizkiete.

Abuztuaren bukaeraz geroztik elkargo bakarraren gidaritza batzordea lanean ari da egituraketa prestatzeko xedez. Rouxk azaldu duenez sindikatuak lan taldean parte hartu nahiko luke "beren ahotsa entzunarazteko".

Instituzio berriak ere langileen mugikortasuna eragingo du; nahitaezko ondorioa izanen da. Sindikatuak langileek beren etxetik hurbil lan egiteko aukera izatea nahiko luke. Halaber, egitura berriarekin bat egin nahi ez duten langileek kalte ordainak negoziatzeko ahala izatea aldarrikatzen du.