Idoia ERASO

Baterak lorpenak ospatu eta egitekoak aitzinatu ditu

Batera plataformak herri elkargoaren aldeko ekimena antolatu zuen uztailaren 27an Baionako besten karietara. Sinbolikoki herri elkargoaren etxea eraiki zuten; ikusgai izango da besten bukaera arte.

Musika presente izan zen Bateraren ekimenean.
Musika presente izan zen Bateraren ekimenean.

"Azkenean guk ere gure etxea ukanen dugu!"; hitz horiekin hasi zen Xaho-Pelletier kaian Batera plataformak egin zuen ekimena. Euskal Herria Elkargoaren osaketa hitzetatik ekintzetara pasatzeko garai honetan, alegiazko etxearen eraikuntza sinbolikoa egin zuten uztailaren 27an Baionan bildu ziren seiehun bat pertsonek.

Zuri-gorriz eta besta giroan, etorkizunerako aldarrikapenak lortutakoak emandako pozarekin batu ziren; horrela, egin beharreko biderako indar eta gogoa denen artean bilduz, Garako artikuluak azaldu duenez.

Erakundearen osaketan bezala, euskal gizartearen parte hartzea beharrezkoa izan zen, eta biztanle anonimoekin batera arlo askotako pertsona ezagunak bildu zituen ekitaldiak. Han ziren, besteak beste, Michel Berhokoirigoin, Christine Bessonart, Anne-Marie Bordes, Martine Bouchet, Maryse Cachenaut, Imanol Harinordoquy, Medhi Ouraoui, Arño Thicoipe, Pierre Cazenave...

Festa giroan egindako aldarrikapena izaki, atzokoan ondo pasatzeko aukera ezberdin anitz proposatu zituzten. Euskal kulturaren ordezkari ezagunak diren Aire Ahizpak, Bidaia, txalaparta eta aurresku herritarrarekin batera, urrunagotik heldu diren Capoeira, perkusio brasildarrak eta Grupo Malungos ere izan ziren. Sinbologia beti presente, programazioak ere mezuarekin bat egin zuen: "Gure Etxea izango dugu, denen Etxea! Eraiki nahi duten guztien Etxea, hor sortuak edo ez...! Proiektuak gaitu bat egiten".