Kazeta

Herrikoa elkartearen kanpainak finkatutako helburua gainditu du

Pasa den urte bukaeran, Herrikoa elkarteak kapitala emendatzeko kanpaina abiatu zuen. Hiru hilabete berantago, Ipar Euskal Herriko enpresei aurrezki zerbitzua eskaintzen dien taldeak, finkatutako helburua gainditu du.

Ezkerretik eskuinera: Joseph Bergara, Peio Bellan, Marie-Claire Sallaberry eta Gildas Bouscatié. © DR
Ezkerretik eskuinera: Joseph Bergara, Peio Bellan, Marie-Claire Sallaberry eta Gildas Bouscatié. © DR

Arrakasta handiko kanpaina izan da. Akziodunen elkartea den Herrikoak, abenduan bere kapitala emendatzeko kanpaina abiatu zuen. Ipar Euskal Herriko lantegiak laguntzeko xedez, Herrikoak 1,5 milioi euro lortu ditu, ezarritako 1,3 milioiko helburua gaindituz. Horri esker, Elkarteak gerorako proiektuak laguntzeko sostengua lortu du. Beti ere xede nagusira heltzeko: enpleguaren sorrera Ipar Euskal Herrian.

Hilabete hauetako kanpainan 724 diru emaleek parte hartu dute; horietako 675 partikularrak dira. Akzioak lortzeko 112 euroko harpidetza ziurtatu behar zen, baina elkarteko kideek zehaztu dutenez, bataz bestekoan 1.000 euroko harpidetza lortu dute. "Gainera kanpaina honi esker gure elkartea ezagutarazi dugu", aipatu du Joseph Bergara kideak. Kanpaina honen bidez, 286 akziodun berri lortu dituztela azpimarratu du.

Helburua lortuta, Herrikoa geroari begira jarri da. "Enpresen eskaerak ere igo dira", azaldu du kudeatzailea den Marie-Claire Sallaberryk. Azpimarratzekoa da, gaur egun elkarteak 5.000 akziodun dituela eta 7 milioi euroko aitzinkonduarekin lan egiten duela.

Akziodun gehiago

Elkarteko kideek, geroz eta gehiago, arlo numerikoa lantzen duten enpresak direla azaldu dute. Kudeatzailearen aburuz, horretan Izarbel teknopoloak eragina du. Enpresa ttipi horiek, hasieran hiru langile dituztenak bataz bestekoan, finantzamendu handiaren beharra dute. "Baina anbizio handikoak dira", azpimarratu du Peio Bellan Herrikoa elkarteko lehendakariak.

“Herrikoak” sortu zenetik – 1980 - burutzen duen bederatzigarren kanpaina da. Elkarteko kideen iritziz, publikoaren interesak arrakasta ahalbidetzen du. "Denek Ipar Euskal Herrian enplegua garatzea nahi dutelako", kontatu du Sallaberryk.

Bizpahiru urtez haien aktibitatearekin segitzeko dirua lortu dutela azaldu dute. Haatik, akziodun gehiago lortzeko asmoa dutela azaldu dute. Hain zuzen, hemendik bi urtera 6.000ra iritsi nahiko lukete, jakinik, erran bezala, egun 5.000 dituztela.